XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta mina ematen al du?

Ba, egia esan bai, mina ematen du.

Pentsa umetokiaren lepoa eta bagina izugarri zabaldu behar direla.

Zuk ahoa asko-asko zabaltzen baduzu, azkenerako min emango dizu.

Emakume batzuei besteei baino min handiagoa ematen die.

Batzuetan, haurrak 9 hilabete bete baino lehen atera nahi izaten du.

Beste batzuetan erditzea zaila egiten da eta emakumeari zesarea operazioa egin behar izaten diote: amaren sabela ireki eta hortik ateratzen da haurra, amari min handiagoa sortzen badio ere.

Galdetu amari ea nolakoa izan zen zure erditzea eta zer gertatu zen.

Eta gero zer?

Bizitzako lehen urteak

Ama, berriz ere ondo eta pozez beterik, etxera itzultzen da.

Aita-amen artean zaintzen dute haur jaio berria.

Eman dezagun mutila izan dela.

Xabier deituko diote, lehen liburuko gure lagunari bezala.

Gogoratzen dituzu Xabier eta Naiara?

Gurasoek asko pentsatu dutenez haur horretaz, jaio aurretik ere bazekiten zein izen jarri.

Xabierrek, dakizun bezala, Naiara izeneko arreba bat du.

Naiara ere oso pozik dago neba bat daukala eta.

Denek zaintzen dute Xabier maitasun eta kuttuntasun osoz, bera etortzea nahi zuten eta.

Garbitu egiten dute, bainatu, jantzi, jaten eman...

Familia osoak maite eta zaintzen du.

Lan-koadernoan familiari buruzko jolas eta ariketa batzuk dauzkazu.

Batzuetan, negar asko egiten duenean, pixka bat haserretzen dira gurasoak, ez baitie lo egiten uzten eta goizean goiz lanerako altxatu behar baitute.

Baina Xabierrek ez daki horren berri.

Galdetu gurasoei ea zu jaio eta aurreneko hilabeteetan negar asko egiten al zenuen.